Herritarron ahotsa

Wednesday, 13.02.2026 2:53pm

Hainbat larunbat goizetako bileretan hasi zen guztia, 2012ko lehenengo seihilekoan. Hogei bat lagun biltzeari ekin genion, goizean goiz, barnean genituen kezka eta zalantzak, batez ere zalantzak, elkarrekin partekatzeko asmoz: zer gertatzen ari zaigu hiritar gisa? Zer jazotzen ari da gizarte zibilean? Zergatik gaude gertatzen ari denaren eta desatsegin zaigunaren aurrean lozorroan bezala? Non da hiritar sena?

Denbora eta bilerak aurrera joan ahala -mila esker geure familiei asteburuetako gure hutsunuei estoikoki eusteagatik-, hasierako ezinegonak ekintzarako bulkada bihurtu ziren eta zalantza horietatik ideia baliagarriak sortu ziren. Baliagarri norentzat, baina? Bada, komunitatearentzat, euren ingurunearen alde zerbait egiten ari direnentzat edo egin nahi dutenentzat, gizarte zibilaren parte sentitzen garen guztiontzat eta, noizbait, hau guztia eraldatzeko eta talde ekimenerako espazioak eraiki daitezkeela pentsatu dugunontzat. Nola? Lan talde honek eman zezakeen onenarekin: sormena, ezagutza, pertsonen arteko sareak eta teknologia. Eta, nola ez, ilusioa.

Horrela, 2012ko udan, VoxCivica herri ekimena sortu zen 17 bazkide eratzaileren eskutik, helburu garbi batekin: hiritarrak ahalduntzea gizarte zibilaren protagonismo, hiritar sen eta teknologiaren erabileraren bitartez.

Ildo horretan, VoxCivicak badu hastear dagoen egitasmo bat: BIT for Change. Hiri-ekintzaile taldeak sortzeko programa da hau. Ekintzaile horiek erakunde eta gizarte talde eberdinekin batera arituko dira elkarrekintzan, hiritarren beharrizanak identifikatu eta konpontzen saiatzeko. Hemendik gutxira arituko gara zabalago honen inguruan blog honetan bertan.

Hau guztiau bultzatzeko, ez dugu, ez, nolanahiko babesa; izan ere, BIT for Change ekimena aurrera eramateko trebatze-planaren garapenean, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak egindako ekarpenak izan baititugu. Halaber, Deustuko Unibertsitateak Innogunen emandako lanerako txokoa babes horren adibide da.

Arestian aipatutako larunbat goizetako bilerekin hasi eta, hilabete batzuk geroago, abian da VoxCivica indar eta gogobiziz, gaitasun eta talentu handiko boluntarioen lankidetzarekin eta hiri baloreak piztera bideratuta dauden proiektuekin.

VoxCivicari buruz gehiago jakin nahi duzu edo ekintzak proposatu nahi dizkiguzu? Idatzi hola@voxcivica.org-ra eta oso pozik ekingo diogu solasari.

Social

Comentarios

comments powered by Disqus